Albisteak

2026/05/07
Getxoko gizarte-eskuhartzeko erakundeen komunikatua
Getxon pertsona migratzaileen integrazioaren alde lan egiten dugun gizarte-erakundeok (San Nikolas Zabalik, Pertsonalde, Sortarazi eta CARITAS), gure kezka adierazi nahi dugu Getxoko Udalaren osoko bilkuran hartutako erabakiaren aurrean: atxilotutako edo ikertutako pertsonen jatorria argitaratzearena.
Uste dugu atxilotutako pertsonen jatorria argitaratzeak ez duela informazio-baliorik; izan ere, delitu-egitate bat ulertzeko ez da ez garrantzitsua ez beharrezkoa, eta gainera, estereotipoak sortzen laguntzen du eta diskriminaziozko narratibak indartu ditzake. Delitu mota, testuingurua edo profil kriminologikoa bezalako datuek ez bezala, jatorriak ez du informazio erabilgarririk ematen jokabide deliktiboak prebenitzeko, ikertzeko edo azaltzeko. Iruditzen zaigu haren argitalpenak ez duela zerikusirik gertakarien komunikazio gardenarekin.
Datuen hautaketa eta argitalpen partzialak pertzepzio faltsuak, testuingurutik kanpokoak edo puztuak sor ditzake. “Ilusio estatistiko” bat eragiten du talde jakin batzuen jatorria bereziki azpimarratzen denean. Gizarte-testuinguru honetan, non etengabe zabaltzen diren mezu arrazistak datu alboratu eta testuingurutik kanpokoetan oinarrituta, uste dugu praktika honek bizikidetza kaltetu dezakeela eta inolaz ere ez duela herritarren segurtasuna hobetzen lagunduko.
Gainera, nazionalitatea eta jatorri etniko edo kulturala bereziki sentikorrak diren datuak dira, eta haien zabalkunde publikoak datuen babesaren oinarrizko printzipioak urratu ditzake eta zeharkako identifikazioak erraztu. Ikertutako edo atxilotutako pertsonen babesa bermatzeko, ezinbestekoa da une oro diskriminaziorik eza eta tratu duina bermatzea; printzipio horiek desegokitzat jotzen dute pertsonak bidegabe seinalatu edo arriskuan jar ditzakeen informazioa zabaltzea. Gizarte demokratiko eta bermatzaile batean, pertsonen duintasuna errespetatu behar da, eta aurretiazko epaiketa sozialak saihestu.
Giza eskubideen defentsan erreferente diren nazioarteko erakundeek ere adierazi bezala, atxilotutako pertsonen kudeaketa —bereziki migratzaileena eta asilo-eskatzaileena— diskriminaziorik ezaren, giza duintasunaren errespetuaren eta babesaren printzipioetan oinarritu behar da beti, estereotipoak indartu edo eskubideak urratu ditzaketen praktiken aurrean. Amnesty International bezalako erakundeek azpimarratzen dute atxilotutako pertsonak ez direla estigmatizazioa edo tratu desberdina eragin dezaketen praktiken objektu izan behar. Atxilotutako pertsona baten jatorria publikoki zabaltzea printzipio horien aurkakoa da, eta bereziki kaltebera diren kolektiboetan eragin negatiboa izan dezake.
Erakunde publikoek, segurtasun-organismoek eta komunikabideek informazio egiazkoa, testuinguruan kokatua eta oinarrizko eskubideak errespetatzen dituena eskaintzeko ardura dute. Kazetaritzaren eta komunikazio instituzionalaren kode etikoek —hala nola UNESCOren Kazetaritzaren Etikaren Nazioarteko Kodeak (1983) edo Kazetarien Nazioarteko Federazioaren Bordeleko Printzipioen Adierazpenak (1986)— gomendatzen dute jatorriari, erlijioari edo etniari buruzko aipamenak saihestea, guztiz ezinbestekoak ez badira.
Atxilotutako edo ikertutako pertsonen jatorria argitaratzeak ez du informazio-baliorik ematen, segurtasunaren inguruko gizarte-pertzepzioa desitxuratu dezake eta bizikidetza arriskuan jar dezake.
Getxoko bizikidetzarekiko dugun konpromisoak harrera eta abegikortasunaren ikuspegitik kokatzera garamatza, beldurraren edo funsgabeko babesaren ikuspegiaren aurrean. Getxoko bizikidetzarekiko dugun konpromisoak argi eta garbi jartzen gaitu neurri honen aurka —hau da, atxilotutako edo ikertutako pertsonen jatorria argitaratzearen aurka—, beharrezkoa ez delako, neurrigabea delako eta diskriminatzailea izan daitekeelako. Aldi berean, Getxoko auzotarrei gonbita egiten diegu gurekin lan egiten duten pertsona migratzaile gehienen errealitatea gertutik ezagutzera; izan ere, beren migrazio-prozesuan bizi dituzten zailtasunak gorabehera, gure udalerriko bizikidetzari ekarpen positiboa egiten diote.
Erakunde, komunikabide eta eragile sozial guztiei gonbita egiten diegu arduraz jokatzera eta informazio-prozesu orotan giza duintasunaren babesa lehenestera.
Getxon, 2026ko maiatzaren 7an