Albisteak

 400 euskal erakunde baino gehiagok gaitzetsi dugu jarduneko Arartekoak Migrazioen eta Tratu Berdintasunaren Arloa desegitea

2026/11/24

400 euskal erakunde baino gehiagok gaitzetsi dugu jarduneko Arartekoak Migrazioen eta Tratu Berdintasunaren Arloa desegitea

477 erakunde sinatzaileok gure atsekabea adierazi nahi dugu Teresa Jiménez-Becerril jarduneko Arartekoak erakundearen barruan Migrazioen eta Tratu Berdintasunaren Arloa ezabatzeko hartu duen ustekabeko erabakiagatik. Erabaki horren bidez, migrazioen arloko lana Segurtasun eta Justizia Arloari atxiki dio, eta tratu-berdintasunaren arloa ezabatu du; ondorioz, ez da jada berezko arlotzat hartzen, eta zuzeneko zein zeharkako diskriminazioaren aurkako borrokaren garrantzia lausotzen da.

Migrazioak eta migratzaileen giza eskubideak ez dira segurtasun kontu bat. Migrazioak Segurtasun eta Justizia Arloari atxikitzeak giza eskubideen ikuspegia erabat baztertzea dakar. Migratzaileak eta asilo-eskatzaileak ordena publikoaren esparruan kokatzen ditu, eta diskriminazioaren aurkako borrokari ez dio berezko espaziorik uzten. Erabaki hori ez dator bat eskubideak babesteko agindu espezifikoa duen Gorte Nagusietako organo baten izaerarekin. Konstituzioaren 54. artikuluak honela definitzen du Arartekoa: «Gorte Nagusien goi-komisarioa, haiek izendatua, titulu honetan jasotako eskubideak defendatzeko». Gainera, Arartekoaren erakundea Espainiako Giza Eskubideen Erakunde Nazionala da, eta herritarren eskubideen babesa eta defentsa haren aginduaren parte dira.

Arartekoaren Urteko Txostenaren arabera, Migrazioen Arloak 2025ean ohiko kexen % 11,9 izapidetu zituen, baita guardiako zerbitzuaren premiazko jarduketa ia guztiak ere; kopuru horiek nabarmen egin dute gora 2026an. Kexa eta jarduketa kopuru horrek talde espezializatu bat eskatzen du, zuzendaritza eta irizpide propioak dituena. Ezin da onartu gai hori beste helburu batzuetarako diseinatutako egitura batean lausotzea, are gehiago egitura horrek jasotako kexen % 21 hartzen zuenean dagoeneko. Ez da eraginkortasun-irizpideen araberako erabakia izan daitekeena bost arloetako batek kexen % 33 baino gehiago bere gain hartzea.

Erabakia, gainera, unerik desegokienean hartu da. 2026ko ekainaren 12tik aurrera, Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Ituna aplikatzen da. Itunak berak behartzen ditu estatuak oinarrizko eskubideen gainbegiratze-mekanismo independente bat izatera (2024/1356 (EB) Erregelamenduaren 10. artikulua eta 2024/1348 (EB) Erregelamenduaren 43.4 artikulua). Erakundeak erronka espezifiko horiei aurre egin behar dienean arlo espezializatua kentzeak gainbegiratzea ahultzen du gehien behar den tokian: triajean eta mugako prozeduran. Gauza bera esan behar da tratu-berdintasunaren arloari buruz ere. Arlo horren berezko esparrua desagertu egiten da, hain zuzen ere, uztailaren 12ko 15/2022 Legea, tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko lege integrala, garatzen hasten den unean. Lege horrek Arartekoak gainbegiratzen dituen administrazio guztiak behartzen ditu, eta haren 40. artikuluan aurreikusitako Agintaritza Independenteak, abian jarri berria denak, solaskide espezializatu bat behar du erakunde honetan.

Jiménez-Becerril andrea ez dute Gorte Nagusiek Ararteko izendatu; kargua behin-behineko izaeraz betetzen ari da (Arartekoari buruzko apirilaren 6ko 3/1981 Lege Organikoaren 5.4 artikulua). Erakunde sinatzaileon iritziz, behin-behinean kargua betetzen duen pertsonak erakundearen jarraitutasuna bermatu behar du, ez hura berrantolatu. Berrantolaketaren ondorioz, migrazioen gaia Bigarren Ondokoaren, Patricia Bárcena Garcíaren, gainbegiratzetik ateratzen da. Migrazioetan eta giza eskubideetan aditua da, eta gaia Lehen Ondokoaren gainbegiratzearen pean geratzen da; kargu hori Jiménez-Becerrilek berak betetzen du.

Jarduketa hori, gainera, Gorte Nagusiak deseginik daudela egin da, eta horrek Arartekoarekiko Harremanetarako Batzorde Mistoaren kontrol-gaitasuna mugatzen du.

Gizarte zibiletik, giza eskubideen defentsan, tratu-berdintasunean eta diskriminazioaren zein arrazakeriaren aurkako borrokan espezializatutako erakunde garen aldetik, uste dugu tratu-berdintasunak eta diskriminaziorik ezak berezko eta argi identifikatzeko moduko esparrua izan behar dutela erakundearen barruan.

Horregatik guztiagatik, jarduneko Arartekoari eskatzen diogu berrantolaketa bertan behera utz dezala eta Migrazioen eta Tratu Berdintasunaren Arloa lehengora dezala, zuzendaritza, langile eta baliabide propioekin. Halaber, behin-behinekotasunak irauten duen bitartean egiturazko erabakirik ez hartzeko eskatzen diogu, erabaki horiek Gorte Nagusiek izendatuko duten pertsonaren jarduna baldintza ez dezaten.

Giza eskubideen erakunde bat ere ezin da jarri alderdi-proiektu baten zerbitzura. Inoiz ez. Inoren zerbitzura ez. Demokraziaren bermea da.

Sinatzen duten erakundeak

Prentsa oharra

Ikusi albiste guztiak +